Skip to content

Euskal kondaira mitologikoak eta ipuinak dibertituz ikasteko modu desberdin eta berezia dira. Leizeek, mendiek, basoek eta ibaiek bizitza hartzen dute eta konnotazio magikoz betetzen dira. Baita eguna eta gaua ere, edo eguzkia eta ilargia, argia eta iluntasuna, unibertsoa…

Natura eta gizakiak bat datoz mitologian; pertsonaia fantastikoek, animaliek eta landareek kosmologia propioa sortzen dute, orainera legenda eta tradizio moduan iritsi zaizkigunak. Gure xedea euskal mitologiaren kondaira nagusiak era dibertigarrian azaltzea da, haurregan fantasia eta literaturarekiko jakin-mina pizteko.

... eta haurrentzako tailerrak

Musika sexista

Sorpresaz betetako tailer dibertigarria da hau. Abesti modernoak eta zaharrak aztertuko ditugu, eta mota guztietako musika estiloak ere. Abesti guztiak ez direla uste genuena ohartuko gara. Gustuko ditugun abestian entzungo eta dantzatuko ditugu, segidan letrak aztertzeko. Abestiek sentiarazten digutena eta besteengan sor ditzaketen sentimendu anitzak eztabaidatuko ditugu. Tailerra ikasgeletan zein kultur-etxeetan edo bestelako aretoetan ematen dugu.

Birziklatze-tailerra

Birziklatze-tailer honek natura eta ingurumena errespetatzeko kontzientzia piztuko du neska-mutilengan. Mendira edo inguru natural hurbilenera joango gara zaborra bildu eta sailkatzeko. Birziklatze-lanak egiten ditugun bitartean, hondakinek desagertzeko behar duten denboraz eta gure planetaren egungo egoeraz mintzatzeko aukera izango dugu. Jarduera fisikoa, natura eta kontzientziazioa uztartzen ditu tailerrak.